Irakurtzen ari:

Amankomunetaz Euskal herrian

Amankomunetaz Euskal herrian

Amankomunen gaiari buruzko EKE eta Etnopoloak antolatu azken kolokioaren partaide zen IEHGKa. Zer atxikitzen dugu lurraldearen eta bere baliabideen gerorako? 

Lehenik, zer dira amankomunak?

Bi egun horietan, gaian adituak eta batez ere kolokioa abiatu duen Bejamin Coriat ekonomistak (ikus argazkia) amankomunen nozio hori azaldu dute: 1980 hamarkadaren bukaeran, AEBetan, Ostrom ikerlariak aipatzen du berriz, hegoaldean abian den iraultza baten ondorioz, amankomunen bukaera aipatuz. Gai horren inguruko lan eta gogoetak beti emendatuz doaz geroztik. Ostrom-ek amankomunak hiru printzipioren arabera definitzen ditu:

  • amankomunak, sarbide partekatua duten eta amankomunean jarriak diren baliabide edo ontasunak dira.
  • eskubidedunen artean, eskubide eta betebeharrak banatuak dira
  • baliabidearen erreprodukzioa eta ekosistemaren errespetua suposatzen dute amankomunek

Kredituak : EKE

B. Coriat-ek amankomunetan lan egitearen interesa azpimarratu du, alde batetik jabetasun pribatua eta kapitalismoari bukaera baten jartzeko eta bestetik, aitzinatu du amankomunen gainean gogoetatzeak gaurko jendarteko erronka handien lantzea ahalbidetzen duela eta batez ere, desafio klimatikoak: hala nola, ura, lurra, klima amankomun handiak dira, baita internet ere bai adibidez, amankomunean kudeatzea beharrezkoak direnak.

Marie Cornu juristak bere aldetik erakutsi du nola gaurko zuzenbideak zailtasunak dituen amankomunen pentsatzeko azpimarratuz ere bai zein interesgarria liteken zuzenbidea bera berriz pentsatzea amankomunetatik abiatuz.

 

Eta Euskal Herrian zer ?

Gaiaren oinarriak eman dituzten presentaketa teoriko horien ondotik, beste hitz-hartze batzuk erakutsi dute amankomunen esperientziaren aberastasuna iparraldean zein hegoaldean bainan ere beste lurralde edo eskala handiagoetan ere bai.

Amankomunak, egia erran ezagutzen dugun gai bat da Euskal herrian edo hobeki erranik, egiten dakiguna. Xabi Larralde ekonomistak (mugaz-gaindiko Barter proiektuaren eramaile) erakutsi digu. Aspaldiko artzaingo sistemek baita lurren kudeaketak, edo hiri eta baserri munduko auzoen kudeaketak auzolanarekin bainan ere industria munduko kooperatiba tradizioek… erakusten digute Euskal herrian amankomunean egitea aspaldiko kontua dela.

Alta, ontasunen pribatizazioak baita internazional mailako trukaketen liberalizazioak Euskal Herriko baita beste lekuetako amankomunak mehatxatu dituzte, jendarte mailako gaizki izaiteak eta batez ere gaur ezagutzen ditugun krisia handiak eraginez.

Hala ere, amankomunak ez dira desagertuak gure lurraldean eta oraindik sortzen dira Euskal Moneta, Lurzaindia, Enargia-I.Ener eta beste motako tresnekin. Isabelle Bagdassarian-ek kudeaketa kolektiboei, izan aspaldikoak edo berriak, dugun atxikimendua deskribatu digu. Amankomunek komunitate egiten ahalbidetzen dute ere bai eta komunitate linguistiko, wikipedia euskaldunaren komunitatea, Open Street Map edo Talaios kooperatibaren kasuek erakusten dute nola amankomunean den baliabide batek elkartzen duen. Alderantziz, komunitate horrek posible egiten du amankomunen kudeaketa eta erreprodukzioa eta kolokio denboran galdera hori alor kulturalera ekarri da bi lekukotasunekin: Pola fabrika Bordalen eta Gernikako Astra.

 

Kolokio horren bukaeran, amankomunen aldarrikatzeko gogoa dugu edo gure gaurko jendarteko erronkei erantzuteko berehala hasteko bolbora sartzen zaigu ere. “Amankomunak denen interesetan dira” izan da kolokioaren ondorioa, ereiteko haziak uzten dituenak, jadanik eskas ez dituen lurralde batean. 

Artikuluak partekatu
Faîtes votre recherche puis appuyez sur "entrée"