Kultura 59 aldiz ikusia MUGALUR: aurkezpen gaualdiak iragan dira 26, iraila, 2024 Mugalur proiektua joan den 2023ko irailean hasi ginuen urte batentzat, Nafarroako Cederna-Garalur eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin partaidetzan. NAEN euroeskualdearen diru-laguntza jaso ginuen eta 2023ko azaroa eta 2024ko apirilaren artean, 7 tailer parte-hartzaile antolatu genituen. Hauen xedea zen jendeak biltzea, muga eta mugaz-gaindikoaren inguruko bizipen desberdinak partekatzeko, izan biztanleak, ikerleak, teknikariak edo artista, sortzaileak. Denen artean, bi Estatu nazioen artean den muga horren errealitatearen kondatzeko helburua zuen proiektuak. Ez du xedetzat dena kondatzea, bainan ikuspegi kualitatibo batetik hartuta, erakustea espazio berdin bat partekatuz, izaiten ahal diren bizi eremu desberdin eta anitzak. Mugimendu, harreman guziak ez dira baitezpada xifreetan kondatzen ahal, bainan lekukotasunen bidez bai. Mugaldeak agerian jartzea izan da lehen pausoa eta honen egiterakoan atera diren galderak mahai gaineratzea. Joan den irailaren 24 eta 25an, bi gaualdi antolatu ditugu MUGALUR proiektua eta tailerren ondorioz sortu ditugun 3 euskarriren aurkezteko: tailer bakotxarentzat, liburuxka bat sortu dugu. Tailerren denboran, parte-hartzaile bakoitzak, mapa bat osatu du bere bizi eremuak irudikatzeko, lekuekiko dituen atxikimenduak adierazteko, eta “muga” zer den beretako azaltzeko. Bizipenen lekukotasunak partekatu dira mapetan oinarrituz. Tailerraren bukaeran, geroari begira, bakoitzak bere bizi eremuan aldatuko nahiko lituzkeenak edo amesten dituenak irudikatzera zen gonbidapena. Horren ondorioz, ekintza ideiak atera dira orri kolektibo batean. Elementu hauek guziak eskuragarri dira liburuxka bakoitzean eta mugaldeetako bizien aniztasuna baita beren aberastasuna erakusten dute. tailer bakoitzera, marrazkilari bat gomitatu dugu, bere ekarpenaren egitera. Tailerrean parte hartzea galdegiten genion eta entzuten zuenetik, bainan ere bere bizipen propio eta gogoetetan oinarrituz, sorkuntza baten proposatzea galdegiten genion. Mugaren errealitatea beste molde batez irudikatzeko parada eskaintzea zen, irudiak laguntzen gaituelako bizipen, sendimendu baita nozio konplexu batzuen azaltzen. Zazpi sorkuntza desberdin atera ditugu, beren maneran mugaren errealitatea kondatzen dutenak ere bai. kazeta bat ere sortu dugu, formatu berritzailean. Hau proposamen bat da. Mugalur-en izpirituaren harira, biltzen ditu biztanle, ikerle, teknikari eta artisten ekarpenak. Proiektuak ekarri dituen galdera eta hausnarketak agerian jarri dira. Irakurketa edo analisia batzu proposatu, biztanleen aipu batzu jarri. Bada ere komiki bat eta afitxa gisan agertzen den mapa artistiko bat. Azken hau proposamen bat da, erronka bati erantzuteko: hala nola, mapek eragin handia dute gaur dugun mugaren ikuspegia lantzerakoan, muga marra fin eta mugiezin bat bezala irudikatzen delako. Alta, hau eraikuntza soziala da eta ez da beti horrela irudikatua izan. Gure proposamena da, beste mapa mota baten presentatzea, zeintan ez den mugarik, ez lurralde identifikaturik. Horrez gain, mugaren bizipenetan, denboraren barnatasuna agertzen da anitzetan, iraganak eragin bat badu gure gaurko jokamoldeetan, gerorako proiektatzen ditugunak bezala. Hauek denak mapan sartzea izan da proposamena. Euskarri horien xedea ez da finkatzea eta emaitza baten ekartzea ulertzeko zein den gaur egungo mugaldeetako bizia. Sorkuntzak dira gai horren aipatzeko eta horren konplexutasunaren argitan jartzeko. Hausnarketan segitzeko eginak dira, euskarri bezala erabilgarriak izan diten, solas berrien, lekukotasun berrien baita galdera berrien sustatzeko. Mugalur 2-ren xedea hori izanen da erakusketa eta egonaldien bidez. Ondoko hitzordua: heldu den urriaren 6an, igandearekin, Orbaizetako olan eginen den Euskarazokan izanen gira proiektuaren euskarri desberdinekin! Ez dudatu handik pasatzen! Proiektuaren webgunea bisitatzeko, hemendik sartu! Mugalur kazeta edo liburuxken manatzeko aukera ere atxemanen duzu bertan. Artikuluak partekatu Partekatu Partekatu