Irakurtzen ari:

MUGALUR proiektua abian da: parte hartu zure etxetik hurbil den tailerrean!

MUGALUR proiektua abian da: parte hartu zure etxetik hurbil den tailerrean!

Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluak (IEHGK) esperimentazio berri bat abian jartzen du: MUGALUR proiektua.

Zer eginen dugu?

2023ko azaroa eta 2024ko ekainaren artean, 9 tailer eginen dira Frantzia eta Espaniaren arteko muga trebeskatzen duen lurraldeko leku desberdinetan.

• Lehen hiru hitzorduak :
1) Azaroaren 17an, ostiral astirian, 7tan, Urepeleko Amerikanoinean, Kintoa ingurua bilduko duena (Aldudeko ibarra, Erroibar, Esteribar, Auritze, Luzaide-Arnegi)
2) Azaroaren 24an, ostiral astirian, 7tan, Orbaizetan Aezkoako kultur olan, Irati ingurua bilduko duena (Xiberua, Zaraitzu, Garazi, Aezkoa)

3) Azaroaren 25ean, larunbat goizean, 11tan, Izabako Oroipenaren Etxean, Xiberua, Erronkaribar eta Zaraitzuko jendea bilduko dituena.

 

• Beste hiru 2024ko otsail-martxoan eginen dira: Baztan-Baigorri-Bidarrai-Itsasu; Xareta-Baztan; Bidasoa inguruak, Bortziriak, Azkaine, Urruña, Biriaturekin.
• Azken hiruak 2024ko maiatzean: Txingudi; Baiona-Donostia kostaldea; mugaldetik urrunago diren eremuak Amikuze, Hazparne, Uztaritze, Debagoiena, Sakana, Goierriko jendea gomitatuz.

Tailer horietan, mapen bidez, parte-hartzaile bakotxak bere mugaz-gaindiko usaiak marraztuko ditu eta denek elgarrekin aipatuko, herritarren diagnostiko baten egiteko helburuarekin: zer/nolako mugaz-gaindiko espazioak erabiltzen ditugu gaur egun? Eta zertarako?

Ondotik, geroari buruzko hausnarketa ariketa bat eginen da helburutzat ukanen duena lekuko erronkak identifikatzea eta lantzea zertan mugaz-gaindikoak ekarpen bat egiten ahal luken erronka horien hausnarketan.

Artista bati ere gomita luzatuko dugu tailer bakoitzera, senditzen, hausnartzen eta ikusten duena adierazteko sorkuntza baten bidez.

Horrez gain, ikus-entzunezkoa ere baliatuko da, Kanalduderekin eta Euskal irratiekin eraman partaidetza baten bidez.

 

Mintegiak EHUn: 2024ko urtarrilean eta maiatzean mugari buruzko hausnarketa sakontzeko lagunduko duten ikerleekin. Honen helburua da ikerleen ekarpenak jendarte zibilaren zerbitzuko ezartzea tailerren bidez ondotik eta alderantziz, ikerleak tailerretan bildu datuekin, beren gogoetak elikatzea.

 

Nor da proiektuaren gibelean?

MUGALUR proiektuak hiru partaide biltzen ditu :
IPAR EUSKAL HERRIKO GARAPEN KONTSEILUA (IEHGK)
CEDERNA-GARALUR Nafarroako elkartea

– eta EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATE-ko (EHU) ikerle antropologo talde bat

 

Proiektu honek NAEN Euroeskualdearen diru-laguntza eskuratu du.

 

Zertarako proiektu hau?

Bi estatuen arteko muga bat trebeskatzen duen bizi eremu horren biztanleen eguneroko bizipenak partekatzeko baldintzak sortu nahi ditugu proiektu hunen bidez.

Proiektuaren prestatze garaian elementu batzu atera dira: mugak idekiak direnetik, iduri luke mugaz-gaindiko harremanak Euskal Herrian ttipituz doazela eta hau, arrazoin desberdinengatik. Beti eta gehiago, Parisi edo Madrileri so hazten ditugu haurrak, erreferente kulturalak urrunduz doaz mugaren alde bat eta bestearen artean, hots, Euskal Herri osoaren ezagutzaren transmisioa murriztuz doa, mugaren beste aldean dena sekula baino gehiago «Beste» bilakaraziz. Muga politikoa, soziala eta sinbolikoa ere bada orduan.

Horrez gain, gure XXI. mendeko bizi-moduek eragin dute mendigunea, muga fisiko bilakaraziz. Amankomunean den hori bazterrera utziz goaz beraz.

Alta, harreman sendoak badira. Guti dira mugaldeetan, mugaren bestaldea ezagutzen ez dutenak, jendakirik ez dutenak edo interesik ez dutenak bestaldearentzat. Bizimoduak aldatuz joan badira ere azken hamarkadetan, azpimarratzekoa da baden nahikeria mugaz-gaindiko proiektuak eramaiteko baita iniziatiba pertsonalagoak ere, eguneroko bizi-eremuan sarraraziz bertzaldeko lurraldea.

Argi da emozionalki lotura azkarra dela ere mugaren bestaldean denarekin eta hau motore bat dela muga pasatzeko eta espazioak zabaltzeko. Zenbat jende ez da joaiten bazkaltzera bestaldera, erosketa batzuen egitera, familiako usaiekin segitzera, bakantzetan lagunekin edo ekitaldi kulturaletara?

Gure jokamoldeek erakusten dute beraz nola barneratuak ditugun molde batez bi aldeak.

Gure erronka da: gaurko aisialdi jokamolde horietan oinarrituz, nola haratago joan? Aisialdiendako pasatzen dugularik muga, adierazten dugu muga politiko hori gure bizi-eremuen muga bat dela. Pasatzen badakiguna beharrez edo nahikeriz, horretan dudarik ez da. Nola gure bizi eremuak zabaldu mugaren alde bat eta bestearekin osatuz zeintan mugak eta ondorioz, mugaz-gaindikoak ez diren helburu bat, bainan banalizatuak diren errealitateak?

 

Zein dira proiektuaren helburuak?

Proiektu honen helburua da bi aldetako jendea elkartzea eta hausnartzea biharko eremu bati zeintan bi aldeetako errealitateak ezagutzen diren, ezagutza hori sistematikoki transmititzen den eta desberdintasun horietaz baliatuz, mugaz-gaindikoa eguneroko proiektuen zerbitzuko erabiltzen dugun. Laburbilduz, erronka nagusia da mugimendu baten sortzea, mugaz-gaindikoa helburu bilakatzetik, medio bat izaitera.

Gaur egun muntatzen ditugu mugaz-gaindiko proiektuak, mugaz-gaindiko harremanak sendotzeko helburuarekin. Ondorioz, mugaz-gaindiko proiektuak beti dira beste proiektuetaz gain eramaiten ditugunak eta usu errexenera joz, erran nahi baitu, arlo kulturalean burutuz hots, oztopo guttien dituen arloa. Eta gure ekonomia, hizkuntza, mendi, turismo, kultura gogoeta, proiektu eta politikak mugaz-gaindikoak bilakarazten bagenitu?

Hausnarketa, galdera eta ideia horiek mugaren alde bateko eta besteko jendarte zibilarekin partekatzeko asmoa du proiektuak, mugan berezituak diren ikerleek argiki erakusten dutelako bizi eta dinamikoak diren mugetan, instituzioen arteko kooperazioa ez dela nahikoa, bainan trukaketa informalagoak eta pertsonen arteko harremanetan oinarritu behar dutela ere bai.

Bilduko diren datu guzi horiekin, euskarri bat sortuko da, lurralde bakoitzeko muga eta mugaz-gaindikoari buruzko errealitatea kondatuko duena bainan ere geroari buruzko trantsizio proposamenak azalduko dituena.

 

Proiektuaz gehiago jakin nahi baduzu, hemen atxemanen duzu informazio guztia: MUGALUR EUS

Kontaktua: e.casiriain@societecivile-paysbasque.com

 

 

 

 

 

 

 

 

Artikuluak partekatu
Faîtes votre recherche puis appuyez sur "entrée"